XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batzokiko Antzerki Taldea. Aurreko ilaran, ezkerretik bigarrena, Joxe Manuel Ugalde da, bertsolaria. (1932).

Batzokiaz gain, beste hiru zentro politiko zeuden orduan Andoainen: karlisten zentroa, Centro Republicano-a eta UGTren zentroa.

Uste dut UGTren siglak zituztela Zumea kaleko egoitza honetako atarian, baina Alderdi Sozialistakoak ere hemen biltzen ziren.

ANVkoek ez zuten egoitzarik, eta Batzokian biltzen zirela uste dut.

Alderdi Karlistarena Basteron zegoen: jende gutxi ibiltzen zuten, gainbeheran zegoen, baina udal hauteskundeetan lan handia egiten zuten eta bigarren indarra zirelakoan nago.

Komunista batzuk ere baziren, bat edo beste ezagutzen nuen nik herrian, baina atzamarrekin zenbatzeko adina baino ez ziren.

Ez dut uste biltzeko lekurik ere zutenik.

Akaso Centro Republicanoan bilduko ziren, ez dakit.

- Aitzolen berririk ba al zenuen, esaterako?

Aitzolen aditzera banuen, bai.

Irakurtzen nuen bere izena El Día eta Euzkadi-n, biak hartzen genituen etxean; goizean herriko banatzaileak ekartzen zigun, eta eguerdian, karteroak, uste dut.

Argia, euskarazko astekaria, ere hartzen genuen.

Baina Aitzol ez nuen honetatik bakarrik ezagutzen, Misioetako egunak eratzen zituen berak, herri guztia altxaz! (...)